Cursos de verano
Udako ikastaroak

Zientzia eta artea, gaixotasun arraroak, Adimen Artifiziala eta haurren babesa izanen dira NUPek irailean Lizarran, Iruñean eta Erriberrin eginen dituen udako ikastaroetako gai batzuk

01 iraila 2025

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) irailean eginen diren udako ikastaroen eskaintza zabala du, eta hainbat gai izanen dituzte aztergai, hala nola zientzia eta artea (Lizarran), nekazaritzako kooperatibismoa (Erriberri), gaixotasun arraroak, adimen artifiziala, haur eta nerabeen babesa eta terrorista damutuak (guztiak Iruñean). Zabalik dago monografikoetan izena emateko epea, eta NUPeko udako ikastaroei buruzko webgunean daude monografikoen xehetasunak.

Lehenengo ikastaroa (“Zientzia eta artea: joan-etorriko bideak”) Lizarran eginen da irailaren 11tik 13ra bitartean. Joaquín Sevilla NUPeko katedradunak eta Patxi Araujo artista eta irakasleak antolatu dute, eta artearen eta zientziaren arteko lotura-puntuak aztertuko ditu bide horietan ibili diren artista eta zientzialarien eskutik. Beren ibilbidearen berri emanen dute, besteak beste, honako hauek: Sonia Elizondo, ingeniaria, poeta eta ekintzailea; Abelardo Gil-Founier Martínez, artista, fisikaria eta ikertzailea; edo Gurutze Pérez Artieda, NUPeko Kulturaren eta Dibulgazioaren Arloko zuzendaria eta “Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut” antzezlaneko antzezlea. Ikastaroan badaude lantegiak eta erakustaldi artistikoak. DICTEL elkarteak laguntzen du.

Bigarren ikastaroa (“Sexu/genero dimentsioa eta gaixotasun arraroak”) irailaren 17an eta 18an eginen da Nafarroako Museoan, Iruñean. Monografiko horretan, aztergai izanen da zaintzailea oraindik ere nagusiki emakumezkoa dela, eta, horrez gain, gaixotasun arraroen eremuan, diagnostikoa gehiago atzeratzen dela emakumeen kasuan, askotan haien gaixotasunaren adierazpen fisiologikoak eta gizonenak desberdinak direlako. “Horren ondorioz talde ahulagoa da maila emozionalean, eta zama psikologiko handiagoa du”, ondorioztatu du Esther Vicente ikastaroaren zuzendariak.

Adimen artifiziala eta kontsumitzaileen eskubideak

Hirugarren ikastaroa Adimen Artifizialarekin lotutako erronka berriei buruzkoa da, eta aztergai izanen ditu kontsumitzaile eta erabiltzaileen defenda eraginkorra, lehiaren defentsa eta teknologia horren aurrean gatazkak konpontzeko mekanismo egokiak.
Nafarroako Gobernuak finantzatzen du bere Kontsumo Zerbitzuaren bidez, eta Natividad Goñi NUPeko Zuzenbide Saileko irakasleak zuzentzen du. NUPen eginen da irailaren 18an eta 19an.

Bestalde, “Komunitatea eta haur eta nerabeen babesa, ikuspegia eskubideetan jarrita” monografikoa irailaren 25ean eta 26an eginen da NUPen. Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Campus Iberuseko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile-taldeek haurrak eta nerabeak babesteko esparru komunitarioa eraikitzeko garatu dituzten ikerketa-proiektuen eta prozesuen emaitzak eskubideen ikuspegitik ezagutzeko, hausnartzeko eta partekatzeko espazio bat da. Alberto Jauregui Virto eta Hodei Sarasa Camacho dira zuzendariak, NUPeko Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleak.

Nekazaritzako kooperatibismoa edo terrorista damutuak, beste gai batzuk

Nekazaritzako kooperatibismoa: zerealen eta baratzezaintzaren sektorerako eredu arrakastatsu baterako gakoak” da eginen den beste ikastaroetako bat. Kasu horretan, irailaren 25ean eta 26an, Erriberrin. Ramo Barrena NUPeko NIBGMETeko eta AN Taldearen Katedrako zuzendariak zuzentzen du, eta haren helburu nagusia da nekazaritzako kooperatibismoaren ikuspegi integrala eskaintzea, zerealen eta baratzezaintzaren sektoreei arreta berezia eskainiz. Adituen hitzaldiak, mahai-inguruak eta kasu praktikoak egonen dira, eta, haien bidez, kooperatiben alderdi ekonomikoak, sozialak eta antolakuntzakoak jorratuko dira. Eredu arrakastatsuak aztertuko dira, eta eztabaidagai izanen dira jasangarritasuna eta erresilientzia nagusi diren testuinguru batean kooperatibismoa indartzeko estrategiak.

Azkenik, irailaren 26an, Nafarroako Museoan, “Terrorista damutuak. Erronka sozialak, politikoak, juridikoak eta etikoak” ikastaroa eginen da. Marta Rodríguez Fouz irakasleak zuzentzen du, eta lau hitzaldi eta mahai-inguru bat proposatzen ditu. Mahai-inguru horretan, zenbait aldetatik aztertuko da terrorista damutuaren figura horren eragina, “eztabaida ugari” piztu eta “hausnarketa sakona eskatzen baitu barkamenaren, gizarteratzearen edo iraganarekin dugun harremanaren esanahiari buruz. Horretarako, terrorista damutuaren figurari helduko zaio lehenbizi, arreta berezia jarrita figura hori nola jasotzen den indarkeriaren osteko testuinguruetan”, esan dute ikastaroaren zuzendaritzakoek. Orobat berariaz aztertuko dira etakide batzuen irteera erakundetik, damutzea edo birgizarteratzea, eta horietako batzuen lekukotasunak izanen dira.