Ekainean beste sei ikastaro eginen dira, eta irekita dago haietan guztietan izena emateko epea.
Rubén Lasheras Ruiz NUPeko irakasleak zuzendutako “Gorroto diskurtsoak eta heziketa kritikoa” monografikoak aztergai du, lehenik eta behin, gorroto diskurtsoen oinarrizko alderdien ulermena, eta ondoren arrazoietan sakontzen du, atzean xede ezkutu bat duten komunikazio eredu horien inguruko elementu baldintzatzaileetan eta gizarte- eta hezkuntza-guneetako adierazpide nagusietako batzuetan.
Atsedenaldiaren ondoren, esperientziak partekatzeko mahai bat irekiko da; hartan, profesionalek eguneroko gorroto diskurtsoen adierazpenei, prebentzioaren eta esku-hartzearen arloetan garatzen dituzten ekintzei eta egungo erronka nagusiei buruz hausnartuko dute. Ikastaroaren amaieran, jardunaldiko ideia garrantzitsuenak partekatuko dira, parte-hartzaileek jakin dezaten nola heldu errealitate konplexu horri modu integral, inklusibo eta eraldatzaile batean, eta pentsamendu kritiko batean oinarrituta.
Ekainean eginen diren udako beste ikastaro batzuk
Larunbat honetako ikastaroaren ondoren, hurrengoa ekainaren 13an eginen da Erronkarin, eta eraldatzen ari diren landa-lurraldeak izanen ditu aztergai. Monografiko horretarako matrikula ekainaren 10ean itxiko da.
Ikastaroak proposatzen du Pirinioetako ibarrei bizirik eta eraldatzen ari diren lurralde gisa begiratzea, landa inguruneak gaur egun berrikuntza sozialeko espazioak baitira, non egungo erronkei erantzuten dieten lankidetza, ekintzailetza eta komunitate bizitzarako modu berriak sortzen diren, hala nola lurralde desparekotasuna, klima aldaketa edo jasangarritasuna.
“Ikastaroan, landa-inguruneak biziberritzeko esperientziak aztertuko dira, natura-, kultura- eta memoria-ondarearen balorizazioan oinarrituta. Lurralde horien nortasunaren parte dira paisaiak, lanbideak, euskara, festak eta tokiko memoriak, eta, aldi berean, garapenaren, turismo arduratsuaren eta gizarte kohesioaren motor ere bihur daitezke, komunitatetik bertatik aitortu eta lantzen direnean”, eman dute aditzera monografikoaren zuzendaritzakoek. Orobat, landa-eremuetako immigrazioak planteatzen dituen aukerak eta erronkak ere landuko dira, baita mugaz gaindiko lankidetzak mendialdeko lurraldeetan duen zeregina ere.



NUP.