Cursos de verano
Udako ikastaroak

NUP erronka sozialei erantzuten saiatuko da irailera arte luzatuko den udako ikastaroen eskaintzarekin

19 maiatza 2026

Erakundeak eskaintzen dituen 14 monografikoetako batzuk Nafarroako Gobernuaren Nafarroako unibertsitateen ikastaroen programaren barnean daude.

 

Beste urte batez, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) egungo erronka sozialei erantzuten saiatuko da udako ikastaroen eskaintzaren bidez. Udako ikastaroak ekainean hasiko dira, eta irail bukaeran amaituko dira. Izena emateko epea zabalik dago eta informazio guztia NUPeko udako ikastaroen webgunean dago kontsultatzeko.

zoom Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen aurkezpena. Ezkerretik eskuinera, Luis Fernández Tuterako UHUNeko zuzendaria, Begoña Pérez Eransus Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordea, Rosalía Baena Nafarroako Unibertsitateko Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordea eta María Cardero Iruñeko UHUNeko Unibertsitate Zabalpeneko koordinatzailea. Argazkia: Miguel Castells.

Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen aurkezpena. Ezkerretik eskuinera, Luis Fernández Tuterako UHUNeko zuzendaria, Begoña Pérez Eransus Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordea, Rosalía Baena Nafarroako Unibertsitateko Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordea eta María Cardero Iruñeko UHUNeko Unibertsitate Zabalpeneko koordinatzailea. Argazkia: Miguel Castells.

 

Guztira, erakundeak hamalau monografiko antolatzen ditu hiru hilabetean zehar, 700 bat posturekin eta 15 eta 25 euro bitarteko prezioekin. Horietako batzuk Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen XXVI. edizioko programazioaren barruan daude. Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako ekimena da foru komunitateko bi unibertsitate presentzialekin (NUP eta Nafarroako Unibertsitatea) eta Iruñeko eta Tuterako UHUNren zentro elkartuekin lankidetzan. Nafarroako Gobernuak ez ezik, Unibertsitateko katedrek eta zenbait elkartek, fundaziok, enpresak eta tokiko entitatek finantzatzen dituzte NUPeko ikastaroak. Ikastaro gehienak Iruñean egiten dira, baina batzuk Nafarroako beste herri batzuetan ere egiten dira, hala nola Erronkari, Uxue eta Irurre.

 

Gaur, ostirala, maiatzak 15, aurkeztu dituzte ikastaroak, eta honako hauek parte hartu dute aurkezpen ekitaldian: Juan Luis García Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria; Begoña Pérez Eransus Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordea; Rosalía Baena Nafarroako Unibertsitateko Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordea; María Cardero Iruñeko UHUNeko Unibertsitate Zabalpeneko koordinatzailea; eta Luis Fernández Tuterako UHUNeko zuzendaria.

 

Gorroto diskurtsoak, ekologia, sorginak edo hizkuntzaren garapena

NUPeko aurtengo ikastaroen programazioak gaurkotasunarekin eta kezka sozialarekin lotutako gaiak jorratzen ditu, Begoña Pérez Eransus errektoreordeak adierazi duen bezala. Ekainean udako zortzi ikastaro daude, eta honako hauek dira: “Gorroto diskurtsoak eta heziketa kritikoa”; “Eraldatzen ari diren landa-lurraldeak: berrikuntza, ondarea eta lankidetza”; “Ekologiari buruzko Nafarroako 12. Udako Eskola: egun bat baso-ekologian”; “Herritarren mahaia: Etxebizitza kolaboratiboak eta osasuna: alternatiba bat pertsonentzat eta gizartearentzat”; “ReeRaren iragana, oraina eta etorkizuna: Gaixotasun Arraroen Estatuko Erregistroa; Osasunaren arloko desparekotasun sozialen analisi kuantitatiboan intersekzionalitatea aplikatzeko lehen urratsak”; “Informazio Geografikoko Sistemak (IGS), genero ikuspegia duen ikerketa epidemiologikoari aplikatuak”, eta, azkenik, “ANIZTASUNA: Hizkuntza, inklusioa eta irakasleen ardura askotariko hezkuntza-testuinguruetan”.

 

Uztailean honako monografiko hauek eginen dira: “Testuinguruari lotuta bizitzea: ingurumenaren eraginak garapen psikologikoan, kognitiboan eta emozionalean” eta, abuztuan, bi ikastaro eskaintzen dira: “Eklipsatuak” (eguzki eklipsearen datekin bat) eta “Bizitzaren arteak lantzen: ongizatearen ekologiak”.

 

Azkenik, irailean, honako ikastaro hauek eginen dira: “Entre lo real y lo imaginado: las brujas a través del tiempo / Errealitatearen eta irudikatutakoaren artean: sorginak denboran zehar “(euskaraz eta gaztelaniaz), “Terrorismoagatik desagertuak”, eta, azkenik, “Hizkuntzaren garapena entzumen-urritasuna duten haurrengan. Egungo egoera eta aurrera egiteko proposamenak”.